XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.- Alfabetatze Batzordearen sorrera:

Alfabetatze Batzordearen sorrera azaltzeko galdera multzo nagusi biri erantzuten saiatuko gara, hots, noiz, zergatik eta zertarako eratu zen, lehena eta, bigarrena, nola sortu zen, proiektuaren bultzatzaileak nortzu izan ziren eta nolako papera jokatu zuten.

1968an osatu zen lehen alfabetatze batzordearen helburuak eta zereginak, eta osatzearen arrazoiak ere, beraz, agertzeko, sortu zeneko politika eta gizarte-ingurugiroari buruzko aipamen bat lagungarri gerta dakiguke.

Horretarako testu adierazgarri bat aukeratu dugu, batzordearen sortzaileetariko batek idatzia, Rikardo Arregik hain zuzen.

Hona hemen Arregik diona:

1960-gn. urte inguruan azaltzen da euskal arazoetara belaun berri bat. Urte hori ezkeroztik, behar bada pixka bat lehentxoagotik euskal adimena ta euskal sentipena berritu egiten da, bere baitan zartada bat sentitzen du ta ordu ezkeroztik gertaera hau, belaun berri baten esnatzea, kontuan artu gabe ez dago aztertzerik ez euskal kultura, ez euskal politika, ezta ere euskaldunen artean dabiltzan ideialogiak. Hau da azken hamar urteetako gertaerarik bortitzena. Gure histori gertuenaren azalpenik ikusgarriena. Honekin ez dut juizio bat egin nahi, frogatua dagoen gertaera bat aitatu baizik" (1). Arregi, Rikardo. Sozialismoa modan dago. Jakin, 24. zenbakia. Arantzazun. 1967, 37. orri.